XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAINKOA ERE HERRIAREKIN.

Jainkoarengan sinestea ez da inoiz, inorentzat, samurra izan.

Jesusek erakutsi zigun sinismen-era, konpromezurako dei bortitz bat den heinean sinistea serio xamarra da.

Jesusenganako sinismena gordetzeak borroka eskatzen bait du betiere.

Gure egungo Euskal Herri honekin - kristau kateari uko egin barik leial jokatu nahi dugunok, apustu sendo bat dugu eskuartean.

Ez du herriaren alde jokatzen kristau garelako, baina garen bitartean ezinbestekoa zaigu, hura askatzeko eginahaletan parte hartzea.

Ez dago ihes egiterik.

Herriak berak erakusten du bere alde nola jokatu = Sentsibilitate apurra duenak badaki, jakin, zein bidetik jo.

Guk, guri dagokigun neurrian, poztu egiten gara geure konpromezua herri dinamikan uztartua ikusteagatik.

Kristau garenez, are pozikago sentitzen gara, sinismen honek herri xehe eta zapalduarekin bat egitea eskatzen bait digu dudarik gabe.

Beraz, gaurko honetan, zenbaki honen parterik onena Jainkoari eskaini badiogu, ez da herriarekin ahaztu garelako edota noizean behin Jainkoari kandela bat jartzeak kalterik ekarriko ez digulako.

Arazoa da kristau izanik, herriaren oinaze eta esperantzetan murgildu ezkero, Jainkoaren presentzia are indartsuago egiten zaigula.

Guk ez dugu demostratu nahi sakonean denak nahiz eta jakin ez kristau garela, gure problema da herriaren bizikizun erkargarrienetan parte hartuz (eta horri uko egin gabe), gure kristau izateari eustea.

Sinismen ezak ez digu beldurrik ematen, injustiziaren aurrean hotz gelditzen direnek beldurtzen gaituzte; amorruraino, kristautzat agertzen badira.

Horregatik idatzi dugu zenbaki hau, agian nazkaturik dauden zenbait senideren fedea sustatzeko balioko duelakoan, herriaren alde jokatzen segitzeko arnas berri bat izango delakoan.

Askapen Teologiak esana du, bere erakarpenik helduena Jainkoa bizitzaren eta askatasunaren eragile dela demostratzea eta kristau guztien zeregina bizitza eta askatasunaren alde borrokatzea dela.

Horregatik da hain persegitua: fededunak mobilizatzen dituelako, lozorro historikotik astinduz.